Adarkadarik ez eta zortea lagun sanferminetako seigarren entzierroan

Zortzi lagun ospitaleratu dituzte trauma diagnostikoekin
Victoriano del Río zezenak azkarrak zirela bazekiten gazteek eta luzatu ariketak egin dituzte gogotsu San Fermin-i kantuz babesa eskatu baino lehen: zortea opatzen zioten korrikalari batzuk besteei, besarkadaz besarkada, eskuak luzatuz eta tinkatuz; eta zoria izan dute lagun azkenean. Asko izan dira adarren aurrean erori diren gazteak, lurrean zeudela zuhurgabe altxatu direnak, zezenen aurpegi beran elkarrekin tupust egin dutenak, baina ez da sastadarik egon. Bai ordea kolpe aunitz burezur, bizkar edo belaunetan; osotara zortzi gazte ospitaleratu dituzte traumak zirela eta.
Victorianotarrak bizkorrak zirela esaten zuen zurrumurruak eta arinak izan dira oso: 2 minutu eta 16 segundotan osatu dute ibilbidea. Iruñan korrika egin duten aldiro, bederatzi aldiz gaurkoarekin, bi minutu terdi baino gutxiagoan geratu dute denbora. Hain ziren azkarrak, beldur garrasiak entzuten zirela han eta hemen hesietan eta leihoetan zeuden ikusleen artean. Eta hain bizi zioan artaldea, gazte asko harrapatu dituela bidean, batez ere, Telefonika tartean. Bertan jazo da momentu urduritsuena zezen batek 4 gazte lurreratu dituenean, zorionez, hala eskatu baitiete korrikalariek San Fermini, ondorio larririk gabe.
Zaurituen inguruko berri eguneratuak esteka honetan: zauritu zerrenda