Azken entzierroa, azkarrena eta (izu)garriena

13 lagun ospitaleratu dituzte adarkadarik gabeko lasterketa eroan
Iruñako entzierroak adina urte ez, baina asko bai: 60 aldiz etorri dira Miura zezenak San Fermin-etan laster egitera. Ganadutegi horren izena entzuteak beldurrak pizten ditu bazterretan. Jendeak badaki eta, bizkor askoak direla, arriskutsuak beraz. Adarrekin, aldiz, ez dituzte utzi zauri aunitz, zintzo ospea dute eta, adarrak astintzeko nahi eza alegia. Eta horrelakoa izan da gaurko entzierroa, espero bezalakoa, azkarra benetan, festa guztien artean arinena, baina adar zauririk gabekoa.
2 minutu eta 10 segundu izu izan dira soilik eta ikara gehienak azken metrotan pilatu dira, plazarako bidean. Zezen batek poltsikoan sartu dio adarra gazte bati eta zerurako bidean jarri du kolpez. Erortzean, aurretik zihoazen adardunen gainean erori da korrikalaria. Zezen berak gazte bati bizarra moztu dio, adarra xafla bailitzan, eta beste bi gazte aurretik eraman ditu kalezuloan. Kolpeak-kolpe, zorionez, ez da ezbehar latzik jazo: 13 gazte ospitaleratu dituzte trauma eta zartadak zirela eta. Hala ere, ordu honetan, hamar zaurituk etxera joateko baimena jaso dute jada.
Osotara, 7 adarkada jazo dira aurtengo San Fermin entzierroetan eta sastada jasotako gazte bakarra jarraitzen du ospitalean. Miurena izan da aurtengo entzierroen bukaera eta bizitzako azkenekoa bi abeltzainentzat ere bai: Miguel Aráiz (Rastrojo) eta Vicente Martínez (Chichipán). Gaurkoan agurtu dira gazteei bidea eginez eta Udaletxearen eskerrona jasota.
Oraindik ospitalean dauden zaurituen egoera ezagutzeko sakatu esteka.