Gora San Fermin!
Festak ez du egun handirik, denak dira mundialak, baina hala deitzen zaio txupinazo osteko egunari: egun handia, gaurkoa.
Egunsentiarekin bat, kaleak musikaz blai: 6:45etatik aurrera Txapitela kaletik eta Zezen Plazatik abiatuko diren dianen eskutik. Ondoren, urtero bezala, zaldi aziendaren feria ospatuko da Agustindarren Industrialdean, 7:00etatik – 15:00etara.
Goizeko zortzietan entzungo den eztanda lehen entzierroaren seinalea izango da zeruan: Cebada Gago-ren zezenak egongo dira ordurako Iruñako kaleetan korrika arriskutsu ospe handia dutenak; hala diote zenbakiek, beti hain argigarri: Sanferminetan adarkaka gehien eman dituzten zezenak dira, 53 zaurituekin. Aurreko urtean, adibidez, 7 zauritu utzi zituzten. Arratsaldean, gazten atzetik ibili eta gero, zapi gorrien artean arituko dira zezenak, Juan Bautista, Javier Jiménez eta Román toreatzaileen aurrean.
Ekitaldi guztien gainetik, izar bat bereziki distiratsua gaurkoan, San Ferminen Prozesioa: 10:00etan Udalbatzak Kabildoa jaso eta San Fermin Kaperara zuzenduko da. Bertan, Iruñeko Artzapezpikuak Santuaren ohorean Meza Nagusia ospatuko du, Katedraleko Musika Kapera eta Iruñako Orfeoiaren soinu eta abestien artean.
Musika arloan, André Reyes-ek, Gipsy Kings talde famatuaren kidea izandakoak, rumba, flamenko eta pop-aren arteko nahasketa eskainiko du Foruen Plazan. Bere aurretik, Tipitako jarriko du plaza dantzan.
Bukatzeko, eta betiko 23:00etan, su artifizialak zeruan, gaurkoan frantziatik datoztenak: ArtEventia Pyrotechnie Evénement de Saint Arnoult en Yvelines-ren eskutik.