La Pamplonesa eta Osasunako lehendakaria 2019ko Txupinazoa jaurtitzeko bi hautagaiak
Bozketa Civivoxetan, www.pamplona.es-en edo 010ean izango da, maiatzaren 28tik ekainaren 10era, 16 urtetik gorako erroldatuak hautesleLa Pamplonesa musika-banda eta Luis Sabalza Osasunako lehendakaria dira Sanferminetako Mahaiko elkarteek Iruñeko Udalari aurkeztu dizkioten bi aukerak, 2019ko Txupinazoa jaurtitzeko bi hautagaiak. Bost izan dira proposamena egin duten entitateak: Iruñeko Udaleko Gaiteroen banda, Iruñeko Peñen Federazioa, Zabalguneko Auzo Elkartea eta Gayarre Antzokia Fundazioa entitateek La Pamplonesaren hautagaitzari eman diote bermea; eta Luis Sabalzaren hautagaitza, aldiz, Entzierroko Lasterkarien elkarteak aurkeztu du.
Bi hautagaitzek deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzte; hortaz, herritarren bozketara igaroko dira. Botaketa datorren asteartean, maiatzak 28, hasiko da; Civivox sarean (aurrez aurre) ekainaren 9a arte izango da, eta bide elektronikoz edo telefonoz ekainaren 10a arte. Bertan 16 urtetik gorakoak izanik Iruñean erroldatuta daudenek hartu ahalko dute parte. Herritarrek aurrez aurre bozkatu ahalko dute, Civivoxetan prest dauden hautetsontzietan; baita ere, telefonoz, 010an, edo Udalaren webgunean (www.iruna.eus). Ekainaren 11n Udalak emaitza ematea aurreikusita dago.
Horrela, datorren astean hasiko da berriro Iruñeko Udalak 2016az geroztik abiatzen duen prozesu partizipatiboa, zeinari esker El Tulik, DYAk eta ondoren Motxila 21 taldeak txupinazoa jaurti baitute. Hiriaren aintzatespen hau bozketa publikoaren bidez hautatzeko erabakia egungo legealdian ezarri da, Alkatetzak berariaz emandako eskuordetzaz, izendapena egiteko organo eskuduna baita.
100 urte hiriko soinu-banda gisa
La Pamplonesa musika-bandaren alde egin duten lau entitateek azpimarratu dute aurten instrumentu-taldeak mende bat betetzen duela, hiriari musika eta, bereziki, sanferminetako musika jartzen. Izan ere, gainera, jaietan zeharreko jai- zein protokolo-ekitaldietan duten zereginaz gain, bandari zor zaizkio “peña askoren ereserkiak eta sanferminetako beste partitura batzuk, Turrillas maisuaren eta Silvanio Cervantes jaunaren eskutik jaioak”.
Halaber, hautagaiaren beste merituetako bat nabarmentzen dute: bandak urte osoa ematen du herri-musika eta musika sinfonikoa hedatzen, Gayarre Antzokiko agertokitik eta interprete gazteendako prestakuntza-programen bidez (La Pamplonesa ikasgelan). Merituen zerrendetako batzuetan, musika-zereginaren gizarte-alderdia ere jartzen da agerian, hainbat entitaterekin egindako elkarlanen bidez, bai kontzertuetan, bai haiek egiten dituzten kanpainetarako laguntzan.
Laburbilduz, hautagai berezi honen aldeko lau proposamen hauetan guztietan azpimarratzen da bizitza publikoan beti izaten direla, hiriak kalitate tekniko aipagarria duen entitate honekiko maitasuna erakusten duela, eta herritarrek aukera dutela, aintzatespen honen bidez, 100 urtetan musikariek Iruñeari emandakoaren zati bat itzultzeko.
Sabalza: krisialdiaren kudeaketa ona
Entzierroko lasterkariek Luis Sabalza Iriarteren irudiari erreparatu diote, 2014tik Osasuna Klub Atletikoko lehendakaria baita. Sabalzaren meritu pertsonalen deskripzioan zehar, idazkiak aztertzen du zuzendaritzan ekonomia-egoera txarreko une batean sartu zela, zeinean Sadar estadioa eta Taxoareko lursailak ere Nafarroako Gobernuaren esku baitzeuden. Aurkeztutako agirien arabera, Osasunaren kudeaketan sei urte eman ondoren hauxe da egun: “ordainketa guztiak eginda dituen 60 milioi euroko entitatearen lehendakaria”, denbora horretan kluba ekonomikoki onbideratu baitu, estadioa eraldatzeko zain.
Sabalzari esker ere, aurreko zuzendari eta lehendakarien aurka epaitegian salaketa egin zuenean, artikulatu izan ahal omen zen “Osasuna auzia” delakoa, ebazpenaren zain oraindik auzitegietan dagoena. Azkenik, proposamena egin dutenek azpimarratzen dutenaren arabera, honen kudeaketan inklusioari babesa sustatu da, bai emakumeena kirolean, bai desgaitasunen bat dutenena (Genuine liga), eta kirol-lorpenak erdietsi dira, adibidez, nesken taldea Lehen maila B-ra igo izana eta mutilen taldea, futboleko Lehen Mailara.