Txikiak ere zezenen aurrean

Goizean goiz iratzargailua jarri, entzierroa ikusi eta hainbeste dardar eta gero, ume askok ere badute zezenen aurrean korrika egiteko nahia, telebistaren beste aldean dauden gazteak bezala lasterka ibiltzeko desioa. Irrika hori egi bilakatzeko aukera izango dute gaur txikienek, beraientzako prestatutako Entzierro Txikiarekin. Gozieko 11:30tan aterako dira Santo Domingo-ko ukuilutik kartoizko eta gurpildun zezenak, umeen zirrarak piztuz, Udaletxeko Plazara ailegatu arte. 20 minutuko 4 entzierro ospatuko dira jarraian, bi, ume eta gurasoentzako eta beste bi soilik umeentzat.
Bitartean musika uholdeak zeharkatuko ditu Iruñako kaleak egunsentitik-egunsentira: goizeko 12etan abiatuko dira lehen soinuak Udaletxe Plaza eta Descalzos-etik, Sarasate Pasealekuan jota kantaldia hasten den momentuan eta Fustiñanako Banda Gurutze enparantzan jotzen hasi baino lehen. Arratsaldean ere, 18:00etan Chapitela kaletik abiatuko dira musikariak hirian barrena, jotak abestuz han eta hemen. Ondoren, 20:30tan bertsoak entzuteko parada egongo da Sarasate Pasealekuan honako bertsolariekin: Alazne Untxalo, Miren Amuriza, Onintza Enbeitia eta Saioa Alkaiza. Gaurekin bat, musika tradizionalak dantzari emango dio lekukoa: 23:00 Gaztelu enparantzan eta 20:00etatik arurrera Foru Enparantzan, Karaoke eta Dj-ekin.
Beti bezala, gaueko 23:10etan suziriak izango dira festa programaren izar eta gaueko argi, gaur Portugaletik datorren Macedos Pirotecnia suetxearen eskutik.