Bi adarkada sanferminetako azken-aurreko entzierroan

Egunkariak eta begiradak zerura begira, kantuak han eta hemen San Fermin-i babes eske, eta gazteak saltoka, Santo Domingo aldapan, ukuiluko ateak irekitzear. Bitartean, beroketa ariketa artean, gazte batzuk entzierroko hesian dagoen San Fermin-en imajina laztantzen zuten zortea izateko lagun.
Lasterketa azkarra espero zen eta hala izan da, zezen taldea ukuiluko atean zegoen ordulariak bi minutu eta hamabost segundo adierazten zituenean. Adardunak, ordea, zalantzati ibili dira eta joaldunak plazara ailegatu diren arte ez dira korralean sartu. Lasterketa arriskutsua espero zen ere bai, Núñez de Cuvillo ganadutegiak 8 adarkada baitzituen bere orain arteko zauritu zerrendan. Eta horrela izan da gaurkoan ere, 2 sastada zauri utzi dituzte Cuvillotarrek. Beste sei pertsona ospitaleratu dituzte kolpeak eta traumak zirela eta.
Lehenengo adarkada Santo Domingo aldapan izan da, zezen gorri batek eskuin bidea hartu eta adarrak astindu dituenean: hain azkar zioan zezena, gaztea guztiz zanpatu duela. Beste zorigaitz larria Estafeta bukaeran jazo da. Korrikalari batek iztartean jaso du sastada.
Kale horretan bertan izan dira egungo laster ederrenak. Zezen ilun bat buruan zela bizkor harrapatu du plazarako bidea. Gazteek ezin zituzten animaliaren oin azkarrak jarraitu eta adar puntadunetatik baztertzen ziren azkar, zezenari giza korridore bat irekiz. Zorionez, ez diera ezbehar gehiago suertatu.
Zaurituen egoera ezagutzeko, sakatu hemen.