Foruen Plaza izan da San Ferminetako Herri Kirolen egoitza. Uztailaren 8tik 14ra, 12: 00etatik aurrera, kirol modalitate ezberdinek sanferminetako goizak girotu dituzte eta bertaratutakoei lehiaketa eta erakustaldi ugariz gozatzeko aukera eman diete.
Egun hauetan ikusi ahal izan ditugun kirol diziplinak oso ugariak izan dira: sokatira, harri-jasotzea, trontza, aizkolariak, aizkolariak altueran, fardelen altxatze eta jaurtiketa, txingak, gurdi altxaketa eta motozerrarekin tailatzea.
Herri Kirolen jardunaldi bakoitzean, lehiaketak eta erakustaldiak modu paraleloan egin dira. Txapelketak Nafarroako txapelketei eta XXIII. San Fermin Txapelketari dagozkie. Nafarroako txapelketek modalitate ezberdinak izan dituzte: Nafarroako aizkolarien binakako txapelketa, Nafarroako kadete mailako trontza txapelketa, gizonezkoen eta emakumezkoen Nafarroako trontza txapelketa, Nafarroako aizkolarien txapelketa, Nafarroako 3. mailako aizkolari txapelketa eta adin ezberdinen proba konbinatua.
Lehiaketak beti dira ikusleen gustukoak, baina Herri Kirolen jardunaldi hauen helburua lehiaketatik haratago doa. Kirol diziplina hauek ezagutzera emateko modu bat ere bada, eta horretarako lau erakustaldi antolatu dira egun hauetan zehar. Horrela, Herri Kirolen zaleek Lierni Osaren eskutik harri-jasotze erakustaldiaz, Nerea Sorondo, Xanta Sousa, Maika Ariztegi eta Beatriz Tanco aizkolarien erakustaldiaz, Jon Lapazaranen eskutik fardo jaurtiketaz eta Kañamares anaien aizkolari erakustaldiaz gozatu ahal izan dute.
Herri Kirolak gero eta indartsuago ari dira bihurtzen sanferminetako kartel estuan. Foruen plaza eszenatoki gisa hartuta, antzinako kirol hauek ehunka ikusle biltzen dituzte goizero, eta gure lurraldeko landa-bizitzako antzinako tradizioak gogoratzeko aukera ematen digute.