Labrit eta han egon diren 600 pilotazaleak eskupilota ikuskizun baten lekuko izan dira, finala ez bukatzeko irrikaz, gehiagorako gogoz uzten duten horietakoa. Zabaleta-Gamindek 17-22 irabazi diete Arrizabalaga-Osesi partida oso lehiatuan, eta lau pilotariek euren banakako kalitatearen froga asko utzi dituzte.
Zabaleta-Gamindek emakumezkoen eskupilotak etorkizun bikaina duela erakutsi dute. 14 eta 16 urte besterik ez dituztela, txapel ospetsuenetako bat irabaztea lortu dute. Bidea ez da erraza izan, lehenengo Aldai-Zabala garaitu behar izan baitzituzten finalerdian. Horrela, aste pare batean, Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga garaitu dituzte, emakumezkoen eskupilotaren bi erreferentzia nagusiak.
Arrizabalaga-Osesek indartsuago ekin diote partidari, behin baino gehiagotan aurrea hartuz eta horrelako dueluetan esperientzia handiagoa dutela erakutsiz. Hala ere, partidak aurrera egin ahala, Zabaleta-Gamindek erritmoa hartu dute eta hasierako urduritasuna atzean utzi dute. Zabaletak erakutsi du dejadak bere espezialitatea direla eta, teknika honekin, hainbat tanto lortu ditu. Honek, atzean Gaminderen sendotasunarekin eta aurkarien hutsegiteekin batera, partida iraultzea eta txapela eskuratzea ahalbidetu die.
Partida zoragarria izan da, final bati eska dakizkiokeen osagai guztiekin. Gainera, azken emaitzatik oso irakurketa positiboa atera dezakegu: pilotari belaunaldi berriak pilotari ospetsuenei aurre egiteko gai dira, beraz, emakumeen eskupilotaren panorama lehiakorra, indartsua eta oso maila handikoa da gaur egun.